Quantcast
Channel: St2
Viewing all articles
Browse latest Browse all 16

MENDIZABAL-MUNILLA AUZIA

0
0

Aldez aurretik barkamena eskatzen dut hau guztia mingarria izan baitaiteke.

Azken egunetan, Euskal Herritik Bordeleraino iritsi den notizia bat dabil komunikabideetan zehar. Gai delikatua da, baina ezin dut ezer egin gabe gelditu. Eta oraintxe bertan, egin dezakedan gauza bakarra idaztea dela uste dut.

Nola ez, Mendizabal auziaz ari naiz. 36 urteko M. A.ren testigantzaren berri ere izan dut: “Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen ari zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela. Jakin nuen, besterik gabe, aurpegira begiratu behar izan gabe.” Egoera latza hori bizi duen edonorentzat. Baina nola zekien bera zela?

Nahiz eta bataioa, jaunartzea eta sendotza eginak ditudan, ez naiz oso elizazalea, ezta Elizazalea ere. 18 urterekin kristau fedean sendotzeko erabakia hartu izanaren damu izan naiz behin baino gehiagotan. Izan ere, Elizaren (Erromako Eliza atzerakoia) eta Herriaren Elizaren (Eliza modernoagoa posible dela erakusten duten pertsonen) jokamoldeak ez datozelako bat, eta nire iritzien kontrako hainbat erabaki, jarrera eta ekintza ikusi ditudalako erakunde horren barruan, elizgizonak eta pederastia, adibidez.

Orain artean, pederastia kasuen berri izan dudanean, ni neu izan naiz elizgizon horiei harria (ahalik eta handiena hobe) botatzen nien lehena, pederastia kasuak barren-barrenetik gaitzesten baititut. Baina oso zaila egiten zait Juan Kruz Mendizabal jaunari, Kakuxi buruz esan duten guztia sinestea. Mendizabal auziaren anonimotasunak, sekretutasunak eta ez dudan informazioak “Munillakeria” dela pentsarazten dit (gogora dezagun Mendizabal izan zela Munilla gotzain izendatzearen kontra sinatu zuen apaizetako bat).

Bestalde, nire ez-jakintasunaren ondorioz beharbada, ez dut ulertzen salatu dituzten gertaera guztiek zergatik hartu duten eliza bidea eta ez bide zibila. Anonimotasunagatik bakarrik? Ala zerbait gehiago dago atzean? Antza denez, apezpikuak berarengana iristen den informazio guztiaz (egia ala gezurra izan) informatzeko betebeharra du.

Baten batek Kakuxekin nolabaiteko hartu-emana izan dudala eta ez naizela erabat objektiboa leporatuko dit, eta hala izango da agian; izan ere, aisialdia dela eta, oker ez banago, birritan (denbora tarte txikian bada ere) gurutzatu gara mundu horretako ekintzetan.

Ados, hipotesi eta ikerketa on baterako, informazio ona behar da. Objektiboa. Informazio onarekin, hipotesi ona irtengo da. Egia absolutua hortxe dago, izan da, gertatu da, baina egiaren bertsioak jasotzen, entzuten eta bizi ditugu. Zer da Mendizabalek bere gain hartu duena? “Jarrera desegokiak”, “ukitu desegokiak”, “sexu abusuak”? Eta gertatu dena zein testuingurutan gertatu da? Bere gain hartu ditu gertaerak ala bere gain hartzera behartu dute? Terminologia eta testuingurua beti da garrantzitsua.

Lehenengo aldiz hilekoa jaitsi zaiola eta, 12 urteko haur bati tanpoia nola jarri erakusteko biluzten den begiralea exhibizionista da? Amesgaiztoa dela eta, besarkada goxo bat eman dion begiraleak ukitu desegokiak egin dizkio? Gauean etxemina zuen haurrarekin lo egin duen begiraleak nahi gabe besoa gainean jarrita ukitu desegokiak egin dizkio haurrari?

Ez naiz bikario ohiaren gertu-gertukoa, ez ditut bere barneko gauza guztiak ezagutzen. Askotan ardiz mozorrotutako otsoak daude munduan. Baina badakit bera zela Herriaren Eliza (fededunek hainbeste maite duten Jesusen Eliza) posible zela erakusten zuen gutxietariko bat: hurbila eta sinplea. Eta gaur-gaurkoz, (beharbada aurrerago nire hitzak jan beharko ditut), haren aurka egin dutela (ez dakit nork eta ez dakit zein arrazoirengatik) eta Jesus bezala gurutziltzatu dutela sentitzen dut nire barren-barrenean.

Eta zergatik ez, Santa Kruz apaizak gogorarazi dit historian zehar euskal apaizek izan dituzten arazo eta zailtasunak. Bukatzeko, aproposa iruditzen zait Kakuxen beraren Goienako Puntuan hitz hauek ekartzea: “Eliza eta epaileak bat eginda daude eta ez dago zirrikiturik elkarri laguntzeko”.

The post MENDIZABAL-MUNILLA AUZIA appeared first on St2.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 16